XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL UNIBERZITATEAK EZ DU KARRIKA EGIN

Joan den larunbat aratsaldean akabatu da beraz Donibane Lohizuneko uda huntako euskal uniberzitatea.

Zenbat lan balios agertu diren? Hogoi-ta-hameka.

Zenbat jende jarraiki diren? Laurogoi-ta-hamar.

Bestalde zenbat bisitari etorri den mintzaldi bat edo bertzearen aditzerat? Berrogoi-ta-hamar bat.

Aintzineko solas-aldietarik hunat urrats handia egin dela, ez dezake nehork uka.

Uniberzitate hunek ez du batere karrika egin.

Leku handiena antropologiak eta linguiztikak hartu dute.

Aipatu dugu jadanik nor eta zertaz mintzatu diren lehen astean.

Geroztik, Satrustegui apez jakintsunak erakutsi du nola mundu zaharra hausten eta apurtzen ari zen, konkretuki gauzak diren bezala ikusiz gure bizian eta teori handitan sartu gabe.

Teknika dela gaurko jainko-ttipia, giza-jakintzan zoin apal gauden, peningarri da, zuhaitzak harra barnean daukalakotz.

Lehengo eta betikoetarik

Gehexan Bidart erakasle gazteak argitu ditu familia hedatuaren izakerak hiru gizaldi elgarrekin bizi bas-herrian, jendetasuna eta larderia biak batean erakutsiz.

Hortik heldu ziren ondorioak, bai familian, bai herrian, aipatu ditu, ikus-molde berria jasta-arazteko doia.

Bainan ez aski, ixtorio-zaleak eta bertze asetzeko.

Pierre Narbaitz kalonjearen hitzaldiko eskola mukurru betea zen.

Zazpi lore-ostotan bizi-arazi diote lehengo Naparra, zazpi mende iraun duen erreinua noizetik ageri diren Napartarrak, zoin zuten eremua, zoin indarretarik sortua zen, hango gizonak, erreinuaren lehen oldarra, hango bi familia aipatuenak, Banu Qasi eta Iñigo, erreinuaren bigarren sortzea.

Hiltzaldi hau agertuko da Gure Herria aldizkarian.

Andere Jaureguiberry, Xuberoko euskalzale suharrak bi mintzaldi egin ditu 86 urtetan.

Bat ziberotar aditzaren aberastasunaz, bere anai zenaren liburua erakutsiz.

Bertzea, Mugica, Gasteize-ko apezpiku zenaren biziaz.

Jakintza berrienetaraino

Matematika berriak ere izan du aipaldi, hiruetan Carlos Santamaria mintzatu da bi aldiz matematikazko logikaz euskara, huts eta garbiz. Funtsean, berrogei bat hitz berri, ongi ikasiz geroz, bigarren maileko edozoin ikasle gaztea mintza litake matematikaz.

Hola iruditu zaiote beti gehieneri, hain ziren gauzak argi eta garbi ageri.

Bertzalde Txillardegi jaunak ezagut-arazi du matematikari doakion hiztegia.

Ikastoletako erakasleak galdeturik, berak egin baitu liburu bat Euskalzaindiak bere iritziak agertu arte, on-har ditakena.

Informatikaz, Harlouchet jaun gazteak esplikatu du nola erabiltzen diren oraiko tresnak kalkulagailu, konputagailu eta ordinatoreak, Euskal-herrian berean, badira orai 180 tresna: Alaban 16, Gipuzkoan 50 Naparran 19, Bizkaian 88, Lapurdin 6, Baxe-Nabarren 1, Ziberoan 0.

Bainan emendatuz doatzi denetan.

Denak euskaraz erabiliz

Fisikan, Etxebarria gaztea aise mintzo da euskaraz, aire, ur, lur, itsaso-ibaietaz oraiko jakintza baliatzeko.

Liburuxkak baditu agertuak holako gaiez.

Pedagogian, Patxi Altuna jesuista ongi ezagutuak hasi du bere mintzaldia erranez: euskara jakin nahi duena mintza bedi eta irakur beza! Nola eta nori mintza, zoin liburu irakur? Berak Donostian egin duen experientzatik, 8 edo 9 urtez, gogoak hazi ditu: haste-hastetik behar dela, euskaraz mintzatu, lehen erakaspenetik, eta 7 ordu behar direla ikasgai bakoitxarentzat.

Baditu bi liburu ateraiak hortarako.

Euskaldun berriak sortzen ari zaizku gaztetan, holako tresnen bidez.

Eskuararen erakaskintza ikastoletan: Lertxundi Zarautz-eko jaun gazteak, jakin-arazi du zoin programa segitzen duten, haurren adinaren arabera, buru betetze hortan ez gelditu nahirik, baina gogo-asmoak erna-arazi nahiz.

Donostiako talde on bat ere etorri da: hekien ikastolak bigarren mailarat helduak dire, ezen badute 1961-tik hunat lize bat, San Tomas, eta bigarrena eraikitzekotan baitira Barandiaran izenarekin.

Pozgarri eta atsegingarri da hori!

Edergintzan, San Martin-ek argazki ederrak erakutsi ditu, lehenik lurpeko harpetaz (aberastasun frango badugu Euskal-herrian) eta bigarren aldian, erdi-aroa eta ber-pizkundean egin zituzten edergailuz.

Damu da egiazki holako argazkiak ez baitira zabalduak gure eskola eta liburuetan.

Larramendik, bertzalde, artegintzak zoin garrantzi handia duen eman du erakusterat.

Sinesteak, Fedea eta Kultura

Filosofiak eta teologiak ere parte on bat hartu dute.

Lan sakanoak, barnekorrak, idei nausienen bilatzeko, gure egun guzietiko bizian hor ditugunak gordean edo erdi-agerian Pierre Charritton apez aipatuak eman ditu bere tesisa gaitzaren bilduma gizonaren kultura-eskubideak zer diren zer argi ekar diezakeguten liburu sainduek, Elizaren ixtorioa nazionalismoari buruz, eian jakintza berrietarik zer atera ditaken, eta zer ondorio dakarken.

Azurmendi apez fraileak, argitu du gaurko egoera, oraiko problema eta ideologietan, giro nahasi huntan.

Nahiz ez den errexa oren batez holako xuriketa egitea, erran behar zirenak erran ditu goxoki eta jakintsuki.

Mintzaldi hortan bildu da jendea gehienik baziren 130 entzule dena begi-beharri.

Agirre Balzategik kultur-krisiaz eta fede-kriziaz eman du bere ikuskera funtsezkoa.

Ekonomia

Ez du sail horrek toki aski hartu, hainitzen iduriko.

Laborantza edo nekazaritza bakarrik aipatua izan da Irigaray erakasle gazteak eman ditu bi mintzaldi izigarri onak.

Eta talde batek hemengo laborantzaren berri eman du lau mintzaldi labur oso pizkorrak.

Orai, urrengo urteari pentsatuz, barreiatuak dira hor ziren erakasle, ikasle eta entzule guziak.

Orai beretik hastekoak dira bigarren Uniberzitatea prestatzen heldu-den urteko.

Lizundia... geografiaz.

Entzuleak beti jakintza gose eta jarraikiak.

Hirigaray... laborantzaz.

Mourguiart... linguiztikaz.